ABA METODOA
ABA (Applied Behavior Analysis) jokabidearen analisi aplikatuaren ingelesezko siglak dira. Giza jokabidea aztertzen duen zientzia da, bertan sistematikoki neur eta ebalua daitezkeen jokabideak irakasten dira.
ABAren helburua jokabide positiboak areagotzea eta jokabide negatiboak gutxitzea da, pertsonak modu independentean eta arrakastatsuan funtziona dezan bere bizitzako eremu guztietan.
ABAtxikin bilera bat eskaintzen dugu familiak ezagutu eta euren kasua kontatzeko. Lehen harreman honen helburua familia bakoitzaren beharrak ezagutzea eta zalantza guztiak argitzea da.
Lehen bilera hori doan eta konpromisorik gabe egiten da.
Esku-hartzearen hasiera erabaki ondoren, familiarekin hasierako elkarrizketa eta haurraren trebetasunen ebaluazioa egiten dira. Ebaluazioa haurra testuinguru naturalean behatuz eta VB-MAPP (Verbal Behavior Milestones Assessments and Placement Program) ebaluazio-tresnaren bidez trebetasun-proba eginez osatzen da, familiari emaitzak itzultzeko txostena ere gehitzen da. VB-MAPP ebaluazioa 6 hilean behin egiten da, jarraipena egiteko eta ikaslearen bilakaera ikusteko.
Ebaluazioan lortutako informazioarekin, harrarentzat eta haren familiarentzat helburuak diseinatzen dira. Landu beharreko trebetasunak kontuan hartuta, banakako esku-hartze plan bat diseinatzen da ikaslearentzat.
Irakaskuntza-programak terapeutak egiten ditu zentroan edo familiaren etxean, ordu eta erdiko edo bi orduko saioetan, normalean, baina badira programa trinkoak edo iraupen luzeagoko saioak ere. Aplikatutako jokabide-analisiaren (ABA) printzipioen arabera diseinatutako programazioa erabiltzen du terapeutak, eta, horretarako, haurrak igortzen dituen jokabide guztiak erregistratzen ditu eta indargarriak (haurraren jarduera edo objektu gogokoenak) erabiltzen ditu, saioan zehar motibazio handia izateko.
Esku-hartzea honako formatu hauetan egin daiteke:
- Saioak zentroan: gure instalazioetan esku hartzea. Gainbegiralea, noizean behin, ikaslearen testuinguru naturaletara lekualdatu ahal izango da, orokortzea sustatzeko eta haurraren eguneroko bizitzan parte hartzen duten pertsonei irakasteko.
- Etxez etxeko saioak: esku-hartzea familiaren etxean egiten da.
- Eskola-ingurunean laguntza terapeutikoa: eskola-testuingururako diseinatutako esku-hartzea. Terapeuta ikastetxera joaten da laguntza ematera.
- Gabinete-egoitza modalitate konbinatua: saioak zentroan nahiz familiaren etxean egiten dira.
Irakaskuntza-programa guztiak gainbegirale ziurtatu batek diseinatu eta gainbegiratzen ditu. Gainbegiratzearen helburua, esku-hartze plana behar bezala gauzatzen dela ziurtatzea eta etengabeko jarraipena ematea da, zailtasunak konpontzeko eta beharrezko aldaketak egiteko.
Oro har, talde terapeutikoa eta familia hilean behin biltzen dira helburuak berrikusteko eta esku hartzeko jarraibide berriak ezartzeko.
Familian edo eskolan jokabide-arazoak dituzten familientzat da. Jokabide-arazoak izan daitezke, adibidez:
- Besteekiko jokabide autolesiboak edo oldarkorrak.
- Desobedientzia.
- Mugarik eza.
- Elikatzeko zailtasunak.
- Haurraren eta familiaren eguneroko bizimoduaren funtzionamendu egokia eragozten duen edozein jokabide-arazo ebaluatu eta alda daiteke, testuinguru naturalean ezarriko diren jarraibideen bidez.
Astean behin edo hamabostean behin jarraipena egiten da, ingurune naturalean edo kabinetean, egokiagoa izango denaren arabera.
Ikasteko zailtasun espezifikoak eta horien ondoriozko jokabide-arazoak dituzten adingabeentzako programak eta saioak. TDAH, dislexia, diskalkulia, TEL, TEA edo TGD duten eta ikasteko zailtasunak dituzten haurrak, askotan curriculum-egokitzapenak egiten dituztenak. ABAtxikiren helburua gure ikasleen familiekin eta ikastetxeekin batera lanketa egitea da, ikasleak eskola-testuinguruarekiko motibazioa mantendu eta ikaskuntza berma dezan.
Garapen-nahasmendurik ez izan arren eskola-curriculumarekiko motibazio txikia duten haurren kasuan, ABAtxikik garrantzia ematen dio ikasteko motibazioa eragozten duten jokabideak aldatzeari, eta jarraibideak ematen dizkie familiei eta ikastetxeei beren ingurune naturalean laguntzeko gai izan daitezen.
Familiaren inplikazioa eta prestakuntza funtsezkoak dira ABAn oinarritutako edozein esku-hartzek arrakasta izan dezan. Horregatik, ABAtxikik uneoro familien parte-hartzea bultzatzen du, esku-hartze saioak ikusteko aukera eskainiz, bai zuzenean, baita beste bide batzuetatik ere (bideoak, txostenak, erregistroak, etab.).
Gure profesionalek familiarentzako esku-hartze plan espezifiko bat egiten dute, adingabearekin bizi diren pertsonen jarraibide, gomendio eta prestakuntzarekin, terapeutarekin egindako saioetan abian jarritako trebetasunak orokortzen direla bermatzeko.